XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Indarkeria eta zuzenbidea

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzear dugun honetan, zaila da etxeko indarkeriaz hitz egitea, hain zuzen ere emakumea delako indarkeria horren biktimarik behinena, eta oraindik zailagoa da Zuzenbide Penalaren ikuspegitik aritzea.

Lerrook idazten ari naizela, ezin ahantz dezaket gaur, 1999ko martxoak 3, prentsan argitaratutako albisteetan hurrenez hurren 64, 38 eta 27 urte zituzten hiru emakumeren heriotzak aipatu direla.

Adinak desberdinak dira, lekuak ere bai, eta eraileekin zituzten harremanak ere desberdinak dira, baina komun dute emakume izatea.

Hala ere, albiste horien ondoan, ezer ez da esan gizarteak larritasun handiko gertaera hauengatik duen kezka agerian uzteko, herri honetan urtean zehar heriotza gehien eragiten duen delinkuentzia mota izan arren.

Eta aldez aurreko beste instantzia batzuetan erantzunik eta konponbiderik ematen ez denez, nahiz eta instantziok, nire iritziz, protagonista nagusiak izan beharko luketen, beharrezkoa da Zuzenbide Penalaz eta ematen dituen erantzunez hitz egitea.

Beste auzi batzuetan bezala honetan ere Zuzenbide Penalak azken irtenbidea izan beharko luke, beste irtenbide batzuk alferrik bilatu ondoren, baina etxeko indarkeriaren kontu honetan sortzen zaidan zalantza da ez ote dituzten bilatu nahi beste irtenbide horiek edo, are gehiago, ez ote dituzten saihestu nahi horrelako portaerak zigor-tresnaren bidez.

Kode Penaleko artikulu bat, 153. artikulua, gaizkiago erredakta zitekeen, baina nekez imajina daiteke nola lor zitekeen hori.

Agindu penal horrek bi akats planteatzen ditu, eta, ondorioz, oso aplikazio zailekoa da.

Alde batetik, ohikotasuna eskatzen du, baina kontzeptu iluna da, interpretazio desberdinak egitea ahalbidetzen du, eta aintzat hartzeko eskatu ere eskatzen du aldez aurretik hiru salaketa egotea.

Bestetik, artikulu horretan indarkeria fisikoa aipatzen da, eta, indarkeria psikikoaz ez da ezer esaten, eta, beraz, baztertu egiten da, nahiz eta, zoritxarrez, oso ohikoa izan aipatu etxe-esparruan.

Egoera oraindik gehiago okertzeko, ikusten dugu zuzenbidearen interpretazioa eta aplikazioa egiten dutenak, epaileak, tematzen direla ezin konponduzko egoeren konpontzaile izaten famili elkarbizitza iraunarazteko, gehienetan horrelakorik ez izan arren, eta ez dutela ahaleginik egiten jadanik jo duenak berriz jotzea edo bere basakerian pixka bat aurrera egin eta azkenean hiltzea eragozteko.

Egia da aurreikusita daudela lege-aldaketak gai honetan, baina esan behar dut eszeptikoa naizela portaera horiek saihesteko edo, behintzat, gutxitzeko izan dezaketen eraginari buruz.

Esan dudan bezala, ez naiz fidatzen Zuzenbide Penalaren eraginkortasunaz, eta uste dut erabili behar den azken tresna izan behar duela.

Horrekin batera, uste dut ez garela irtenbidera hurbilduko emakumeok sinesten ez dugun bitartean benetan bestea bezalakoak garela, ez dugula zertan onartu gu jotzea, ez eta guri eskua luzatzea ere, eta, gertatzen bada, salatu egin behar dugula, epaileek jakin eta eragotz dezaten orain arte eragotzi ez dutena 1997an tratu txarren ondorioz hildakoetatik %98k haien salaketa egina zuten, eta, era berean, gizarte osoak bere egin dezan arazo hau, bere baitan sortu eta denon artean konpondu beharrekoa baita.

Hitz batean, emakumeok egin behar dugu lehen urratsa: alde batetik, aldarrikatu behar dugu ezinbestekoa dela gure duintasuna eta askatasuna errespetatzea, eta, bestetik, geure autoestimazioa sustatu behar dugu, erasotzaileek ikus dezaten ez dagoela inolako menpekotasunik haien basakeriaren azpian jar gaitzakeenik.

Benetako berdintasunean hezteak ezinbesteko tresna izan beharko du gizartean lortzeko, besteak beste, lanean ematen den tratamendu berdinzalea izatea erasotzaileak eta erasoen pairatzaileak desagertzeko funtsezko oinarri bat.